martes, 27 de abril de 2010

SAGARDOAREN GAIXOTASUNAK

Garaitik kanpo sortzen den edozein aktibitate biologiko gaitza dela esan daiteke sagardogintzaren arloan; baita sagardoari kalte egiten dion edozein sustantzia sortzen duen prozesuari ere.

Sagardoaren arazo gehienak kupelean dauden gehiegizko bakteria laktiko eta onddoen eraginez sortuak dira, (kupel batzuek urtero sortzen dute sagardo txarra barruan dituzten bakteriengatik), baita ere sagarrak ekartzen dituen legami basatien ugalketarengatik ere sor daitezke gaitz asko.

Horietariko gehienak menperatu eta kontrolatu ditzakegu kupelen eta lan tresnen garbiketa kontutan harturik, sagarren kalitatea eta garbiketa zainduaz...
Honetaz gain, sagardo ona atera dadin sagar mota ezberdinak nahastu behar dira muztioak beharrezko duen thanoa, gazia eta azukreaz horniturik egoteko.
Hona hemen gaitzen sorrera bultzatzen duten hainbat baldintza:

Gaitzari laguntzeko

Gaitzaz babesteko:

Irakin
gabeko azukre hondakinak

Alkoholaren
presetzia

Maliko
azidoen hondakinak

Behe
tenperaturak

Goi
tenperaturak

Oxigenoa
ez izatea

Garbiketa
ez egokia

Garbiketa

PH garaia

PH txikia

Nitrojenozko
gehiegizko sustantziak

Thanoak

Gehiegizko
Oxigenoa.



Gaitzak bi multzoetan banatu daitezke:

-Gaitz aerobikoak: Garatzeko oxigenoa behar dutenak, adibidez: Herdoiltze legamiak sorturiko txapela edo bakterioak sortzen duten azido azetikoa.

-Gaitz anaerobikoak: Oxigeno gabezian sortzen direnak, adibidez: laktiko bakterioak sortzen dituenak.

GAITZ AEROBIKOAK
AZIDO AZETIKOA
Sagardoak izan behar duen azido azetiko kantitatea ahalik eta txikiena izan behar da, bere zaporeak ez bai dio batere onik ekartzen sagardoari. Azido azetikoa sagardogintza prozesuaren edozein unetan ager daiteke. Dena den, orokorrean hauek dira azido hau agertzeko eman behar diren baldintza nagusienak:

- Legami mota batzuek azido azetikoa sor dezakete alkohol etilikotik abiatuaz.
- Legami batzuk muztioaren azukrea azido azetikoa bihur dezakete.
- Bakterio laktikoek, azido azetikoa sortzen dute azukrea metabolizatzerakoan.
-Alkohol etilikoarekin erreakzionatzen dute "Azetobakter" motako bakterioengatik eta azidoa Azetikoa sintetizatzeko gai diren "Glukonobakter" motako bakterioengatik.

Aurretik kontua izan beharrekoa: Lehenik eta behin, lehengaiak kalitate onekoak izatea ezinbesteko baldintza da. Izan ere baldintza egokiak dituen muztioa (gazitasuna, thano, pH-egokia...), beharrezko diren bakterio eta legamiengatik fermentatua izateko prest dago.

Aldiz, osagaien desoreka egon ezkero, nahi baino azido azetiko gehiago sor daiteke. Adibidez, 3,5 baino PH altuagoa duen muztio batean, bakterio laktikoak ugarituko egingo dira, eta ondorioz azido azetiko kantitateak ere gora egingo du.

Bilketa, garraioa, biltegiratzea eta garbiketa: Sagarra jasotzerakoan sorturiko zauriak eta garraiatzerakoan jasotako kolpeek ere legami eta bakterioen ugaltzea dakarte. Ikusi bezala bakterio hauek trebezi handia dute muztioaren azukrea azido azetiko bihurtzen. Azken ezaugarri hau areagotu egiten da tenperatura altuetan. Honela tenperatura zaindu beharrezkoa bilakatzen da biltegiratzeko orduan. Bestalde, sagarraren garbiketak azalean dituen legami eta bakterioak suntsitzen ditu, garbiketa egokia ezinbestekoa bihurtzen delarik gaitzak ekiditeko.

Jotzea, prentsaketa eta irakin-aldia: Sagarra jotzen den moduak ez du eraginik azido azetikoaren sorreran, prozesua ez bada gehiegi luzatzen behintzat.

Aldiz, tolarean, prozesua luzatzea arriskutsua izan daiteke, baita ere sagarra jo ondoren patsa aireztatzea ere, nahiz eta ohitura hau oso zabaldurik egon sagardoa lege zaharrez egiten dutenen artean. Izan ere sagarraren zukua ernamuinentzat oso gustukoa eta tentagarria da, gehienbat pH-a garaia badu eta beroa egiten baldin badu.

Irakiterakoan oso garrantzitsua da oxigenoarekin kontaktua murriztea, zenbat eta oxigeno gehiago izan orduan eta azido azetiko gehiago sortuko bai da. Kontu handia eduki behar da baita ere nitrogeno kantitatearekin; izan ere nitrogeno asko duen muztioak azido pirubikoa sortzen du eta hau degradatzerakoan azetikoan bihurtzen da.
Beraz nitrogenozko ongarri gehiegirik jaso ez duen sagasti bateko sagarrak erabiltzea komeni da.

Irakinaldiaren ondoren: Muztio sagardoa bihurtu denean, kupela itxi egin behar da alkohola azido azetiko bihurtzen duten legamiez babesteko. Hauen erasoez babesteko anhidrido sulfurosoa erabiltzen da.

SAGARDOAREN TXAPELA.
Legamia aerobikoek sortzen dute, oxigenoarekin kontaktu zuzena behar bai dute. Irakin aldia bukatu denean, sagardoaren azalean orban batzuk sortzen hasten dira, haien artean bildu eta azkenean gainalde guztia estaltzen duen txapel bat osatzen dute. Txapel honek pisua hartzen duenean, hondoratu eta beste txapel bat sortzen da.

Legami mota hau nahiko kaltegarria da zaporean eragiten bai du eta beste motako gaitzak sartzeko bidea irekita uzten du. Txapelari buruz babesteko dagoen era bakarra oxigenoari bidea ixtea da, beraz oso garrantzitsua da irakinaldian kupela beti beterik izatea, haizearen sarrera oztopatzeko. Egun, badira oxigenoari biderik uzten ez dioten sistemak: kupelean dagoen haizea beste gas geldo batengatik ordezkatzen da.

GAITZA ANAEROBIKOAK
OLIOTZEA
Gaitz klase hau oso kezkagarria da, sagardoaren dentsitatea loditu, txinparta eta freskura galdu arazi eta moteldu egiten duelako; azkenean, sagardoak olioaren antza hartzen duelarik.

Muztioaren hartzidura eman denean, baldin eta thano gutxiko sagardoan bihurtu bada, bakterio laktiko batzuen erasoa jasan dezake sagardo, honek. Eraso honen eraginez, glukano motako polisakaridoak eta beste motako polimeroak sortzen dira; adibidez, manosa, galaktosa, arabinosa eta galakturoniko azidoak . Sustantzi horiek bakterioak beren egoera kontrakoa dela sumatzen dutenean sortzen dira, hau da, osagaien arteko desoreka bat dagoenean. Azkenean, sustantzi hauen eragina dela eta sagardoa moteldu eta gaixotu egiten da. Sulfuroso anhidridoa erabili ezkero, gaitza agertzeko arriskua ia desagertu egiten da. Baina tamalez, sulfurosoaren erabilpena ez dago oraindik oso hedaturik. pH altua, thano gutxi sulfurosoarekin tratatu ez den sagardoa eta garbitasun eza izan daitezke gaitz honen errudunak.

MIKATZTASUNA
Bakterio laktikoek sagardoan dagoen glizerina erasotzen eta desager arazten dute. Eraso honen eraginez glizerinak duen zapore gozoa desagertu eta ordez akroelinaren zapore mikatza sortzen da.
Gaitz honetatik babesteko bakterio laktikoak murriztu egin behar dira, beste gaitz motatan aipatu bezala.

LAKTIKO MINA
Gaitz hau, muztioaren azukreari laktiko bakterioek eragiten dioten erasoaren ondorioa da. Bakterio heterofermentatiboek azido diazetiloa sortzen dute muztioaren bigarren irakinaldian eta honek zapore kaltegarria du sagardoarentzat.

GAZI-GOZOA
Kasu batzuetan, oso gozoa den manitol izeneko sustantzi bat sortzen da bakterio laktikoen eraginez. Sustantzi hau ere bakterioengatik erasotua izan daiteke, zapore gozoa garratz bihurtuz. Honetaz babesteko laktiko bakterioak menderatzea besterik ez dago. Halere, egun gazi-gozoa ez da benetako gaitzat hartzen, neurri txikian agertzen baldin bada behintzat

SAGARDOKO USAIN TXARRAK
Arrautza ustelaren usaina: Sagardoan dagoen sufrea azido sulfidriko bihurtzean ematen da gaixotasun hau. Hurrengo arrazoiengatik izan liteke:

-Sagarrak dituen osagaiak sintetizatzerakoan sufrea askatzeagatik.
-Sagarrak azalean eduki ditzakeen tratamenduen hondarrengatik.
-Kupelean garbiketa egin ondoren gelditzen diren hondarrengatik (sufrea erre ondoren).
-Irakin ondoren gehitutako sulfurosoaren erredukzioaren erruz.

Fruitu ustelaren usaina : Usai hua udaberrian agertzen da, sagardoak jasaten duen tenperaturaren igoeraren erruz, edota kontu gutxiz eginiko kupel aldaketaren erruz. Sagastietan aurkitzen den 'Zymomonas anaerobia' izeneko ernamuinak sortzen du usai, beraz hau ekiditeko beharrezkoa izaten da sagarraren garbiketa kontu handiz egitea.

HONDARRAK
Botiletan hondarra agertzen denean bi arrazoi nagusirengatik izan liteke:

- Tenperatura eta presio aldaketaren ondorioz sorturiko erreakzio kimikoengatik: sustantzia proteikoak eta thanoak izaten dira burdina eta kobrearen aurrean erreakzionatzen dutenak

- Aktibitate biologikoen birsortzearengatik: sagardoan gelditzen diren azukre eta oxigenoaren apurrak hondar bihurtuko dira

Lehendabiziko kasuan, proteika sustantziak eta thanoak izaten dira burnia etakobrearen aurrean erreakzionatzen dutenak hondarrak sortzen. Bigarren kasuanberriz, sagardoan gelditzen diren azukre eta oxigenaren apurrak txinparta etahondarrak sortuko dute.

martes, 13 de abril de 2010

Sagardotarako sagarra

Osagaiak

Sagarra hiru zatitan bana daiteke: azala, mamia eta zuztarra
- Azala: sagarra inguratzen duen zatia da, bere babeslea. Pruina izeneko argizari batek babesten du. Argizari honetan itsatsten dira gero muztioaren irakinaldirako hain beharrezko diren legami eta bakterioak. Azalak osagai belarkarak dauzka (adibidez: aldehidoak, ahexanalak eta exenalak). Substantzia hauek eragina dute muztioaren zaporean, txarra eta lehorra bihurtuz. Aurrerago ikusiko dugun bezala, azalaren eginbeharra oso garrantzitsua da prentsatzerakoan. Azala oso azukre gutxiko osagaia da.
- Mamia: sagarraren muztioa gordetzen duten gelaxka txikiz osaturik dago. Gelaxka horien barnean substantzia peptikoak, hemizelulosak eta substantzia proteikoak daude. Edukiak, muztioak, osagaiok dauzka: azukrea, polifenolak, azidoak, pektina, substantzia nitrogenatuak, almidoia eta abar. Mamiaren %80 ura da.
- Zuztarra edo mutxikina: gehien bat pektinaz osaturik dago. Sagarraren haziak hemen daude. Kontu handia eduki behar da sagarra jotzerakoan, hazia apurtzen bada zapore garratza emango baitio muztioari.

Ezaugarriak
- Kolorea: egia esan, sagardoa egiteko erabiliko den sagarraren koloreak ez du inongo eraginik ondoren lortuko den sagardoan. Sagarra koloreztatzen duten osagaiak produkzio prozesuan herdoildu egiten dira eta, beraz, desagertu. Halere, badu bere garrantzia sagar mota ezberdinak bereizteko orduan.
- Itxura eta neurria: sagarraren neurria azalaren eta mamiaren arteko proportzioak emango digu. Azalak muztioa iragazi egiten du prentsaldian.
Bestalde, fruituaren itxura eta neurriak ez du garrantzirik sagardogintzan.
- Zaporea: sagarrak dituen osagaien nahasketaren arabera zapore ezberdina izango du. Berez sagarraren zapore motak hiru multzotan sailka daitezke :
* Gozoa: mamiak duen azukreari esker.
* Gazia: sagarrak hainbat osagarri gazi edo azido dauzka.
* Mikatza: taninoak sorturikoak.

Hiru osagarri horiek sagardoaren zaporean izango dute eragina: gozoa, geza, gazia eta mikatza. horien nahasketak beste hainbeste zapore sortuko ditue. Hau da, geza-garratza, gazi-garratza, gozo-garratza, gazi-gozoa, gazi-geza, eta abar.

Sagardoa egiteko erabiltzen den muztioak hiru osagarri horiek izan behar ditu: azukrea, azidoak eta taninoak. Horretarako sagar nahasketa egokia egin beharko dugu. Sagar bat gozoa izateak ez du esan nahi azukre asko duenik, azukre neurri bereko bi sagar hartuz gero, bata gazi-azido askorekin eta bestea berriz gutxirekin, lehenengo sagarra gozoa izango da eta bigarrena berriz gazia, nahiz eta biek azukre neurri bera izan.

Bilketa
Orokorrean sagardotarako erabiltzen den sagarra zuhaitzetik helta erori ahala da, eskuz edo mekanikoki. Hainbat lekutan berriz, arboletako fruituen %50 bere kabuz erori denean, zintzilik geratu den beste erdia eraitsi egiten da, sagar guztiak pasa-aldi bakarrean biltzeko.

Sagastian bizpahiru jasoaldi egitea omen da egokiena, sagar guztiak beren onenean biltzeko; honela, jasoaldi bakoitzean heldu diren sagarrak soilik biltzen dira. Guzti hau ezinezkoa da sagarra mekanikoki jaso ezkero, garestiegia izango litzatekeelako.

Sagarra biltzerakoan kontu handia eduki behar da azala zulatu edo hondatu ez dadin, zauri hauek gaitz eta arazo iturri izan daitezkeelako. Honen inguruan aipatu beharra dado, hain erabilia den kizkiak daukan arriskua: sagarrari zulo txikiak egiten dizkio eta sagar zulatuak denbora luzea ematen badu biltegian gatzak eraman ditzake.

Garraioa
Sagarra garraiatzerakoan eta biltegiratzerakoan, ahaleginak egin beharko ditugu airerik gabeko baldintzak ez sortzeko, ernamuinen lana zailtzeko. Kontutan hartu behar dira aireztatzea, tenperatura egokia, eguzkiaren argia eta euria. Azken honek sagarra garbitzen lagunduko du.

Ingalaterran eginiko saio batean gramo bat sagarrek daukan legami kopurua kalkulatu nahi izan zen, eta hona emaitzak:

(A) sagarra arbolatik jasota: 480 legami/g.
(B) sagarra lurretik jasota: 1.250 legami/g.
(A) sagarra zakutan bi aste igaro ondoren ingurugiroan: 10.700 legami/g.
(B) sagarra, zakutan bi aste igaro ondoren ingurugiroan: 116.000 legami/g.

Emaitzen arabera agerian dago sagarrari ematen zaion tratamenduaren garrantzia. Izan ere gaixotasun gehienak azalean sortzen diren legami mota eta kopuruak baldintzatzen baititu.

Sagarra garbitzea
Garbiketaren bidez sagarrak azalean garraiatzen dituen legami eta ernamuinak murrizten dira. Bildu ondoren sagarrari lur, hosto eta sagastiko zikinak kentzea komeni da. Sagarraren garbiketa ezinbesteko baldintza da sagardo on bat egiteko orduan.

(Testuak: Jon Garmendiaren www.sagardoa.com)


Sagardotegien gida

ARABA
AramaioLezama-Amurrio
. Iturrieta. Iarritu


BIZKAIA
ZornotzaIurreta
. Uxarte. Amezketa
BerriatuaLezama
. Laka-Erdi. Erdikoetxe
BilboMarkina-Xemein
. Eguzkialde. Axpe
DimaMendexa
. Lapurriketa. Sebastianeko
GatikaMungia
. Etxebarria. Urrutia
GernikaMuxika
. Isasi. Kandi
GizaburuagaAjangiz
. Laneko. Lurraska


GIPUZKOA
AbaltzisketaItziar-Deba
. Zalbide
. Txindurri-Iturri
AdunaLasarte-Oria
. Aburuza
. Zabala
. Otegi
AiaLeaburu
. Izeta
. Satxota
. Otazu
AltzagaLegorreta
. Olagi . Aulia
AndoainOiartzun
. Gaztañaga
. Txertota
. Mizpiradi
. Aduriz
.
Bidebitarte
. Ordo-zelai
. Txiki-Erdi
. Baleio
AsteasuOlaberria
. Sarasola
. Etxe Zuri
AstigarragaTolosa
. Akelenea
. Artola
. Alorrenea
. Arrizabalaga
. Astarbe
. Bereziartua
. Buenabentura
. Etxeberria
. Gartziategi
. Gurutzeta
. Irigoien
. Larrarte
. Lizeaga
. Mendizabal
. Mina
. Oialume Zar

. Oiarbide
. Petritegi
. Rezola
. Sarasola
. Zapiain
. Isastegi
. Uzturre
. Eguzkiza
AtaunUrnieta
. Urbitarte

. Altuna
. Elutxeta
. Eula
. Oianume
. Setien
. Kostegi

AzpeitiaUsurbil
. Añota
. Aginaga
. Arratzain
. Illunbe
. Saizar
. Urdaira
DonostiaZerain
. Barkaiztegi
. Igeldo
. Urkiola
. Otatza
OreretaZubieta
. Egiluze
. Araeta
. Astiazaran
Hernani
. Akarregi
. Alberro
. Altzueta
. Eizmendi
. Elorrabi
. Goiko-Lastola
. Iparragirre Sagardoak S.L.
. Itsasburu
. Larre-Gain
. Otsua-Enea
. Olaizola

. Rufino
. Zelaia
Hondarribia
. Sagarzazu
Ikaztegieta
. Begiristain
Irun
. Ola


LAPURDI- NAFARROA BEHEREA
BiriatuUrruña
. Beloqui . Txopinondo
Lasa
. Aldakurria


NAFARROA
AldatzLekunberri
. Martitxonea. Toki Alai
BerueteLesaka
. Behetxoneko Borda
. Txaseneko Borda
. Lindurren Borda
IruñeaMurugarren
. Kalean Gora. Aldaiondo
Lekarotz
. Larraldea

Eguneroko edaria

Txotx garaian sagardotegiren batera joan eta alferraren alferrez mahaitik jaikita edandako sagardoa ezagutzen dugu gehienok. Batzuk herrietan antolatzen diren sagardo egunetara joateko animatzen dira. Urte asko ez direla ordea, sagardoa eguneroko edaria zen eta sagardotegia, bilgunea, apusturako tokia...

Sagardo eta sagardotegi hitzak entzuten ditugunean txotx garaia datorkigu burura gehienoi. Garai honetan Euskal Herriko sagardotegiak jendez betetzen dira sagardo berria dastatu ahal izateko. Toki eta testuinguru zehatz horrekin lotu ohi da gehienetan edari hau. Sagardoak sagardotegiaren lau hormen artean gelditzen den edaria dirudi sarritan.

Euskal Herrian sagardoak izan duen presentzia eta garrantzia ez da gaur ezagutzen dugun modukoa izan, ordea. Gure aurreko euskaldunentzat sagardoa eguneroko edari izan da, otordu guztietan janariari laguntzeko erabiltzen zuten edaria. Zenbait kasutan ordainketa egiteko edota festa egiteko ere erabiltzen zuten.

Gainera, sagardoa Gipuzkoara bakarrik ez zen mugatzen. Euskal Herri osoan egin eta edan izan da sagarrez eginiko edari hau. Hori horrela izan dela frogatzen duten agiri anitz dago artxibategietan eta liburuetan, baita ahozko tradizioaren bidez jasotako kulturan ere. Gogora ekarri besterik ez ditugu, esate baterako, Jose Uria Irastorza tolosarrak sagardoari buruzko liburuetan egindako aipamenak, 1235. urtean Lapurdi eta Nafarroaren arteko borrokan gertatutakoak. Nafarroako Artxiboan, 1239ko agirietan jasota ageri dira borroka latz haiek uzitako ondorioak. Nafarrek lapurtarrei ikaragarrizko hondamendiak eragin zizkieten, antza. Uztaritzeko 25 sagardogile, Senpereko 9, Hazparneko 25, Bardoxeko 3, Larresoroko 13 eta Ezpeletako 5 sagardoa egiteko tresnarik gabe gelditu ziren. Borroka haietan upelak, dolareak eta sagarrondoak moztuta agertu zitzaizkien. Lapurtarren kexuak jasotzen ditu agiri honek.

Noiztik sagardoa Euskal Herrian?.

Sagardoa Euskal Herrira nola iritsi zen ez dago batere garbi. Honen inguruan teoria bat baino gehiago daude. Sagar landarea Afrikatik sartu zela irakurri izan dugu. Arabiarrek ekarritakoa dela esaten duenik ere bada. Erromatarrek ere ba omen zekiten sagardoa egiten. Euskaldunok haiengandik ikasi omen dugu.

Kontuak kontu, sagardoaren jatorriaren inguruko idatzizko agiri asko ez daukagu eskuartean, euskal ondarearen eta historiaren berri hitzez gehiago jaso baitugu idatziz baino. Plinio erromatarraren idatzien bidez jakin ahal izan dugu, K. o. 80. urtean jaki oso gozoa egiten zutela euskaldunek, irasagarraren antzeko zerbait, alegia: birrindutako ezkurra, ura, eztia eta sagardoarekin nahastuta. Hortik ondorioztatu daiteke garai hartan jada sagardoa egiten bazekitela.

Hala ere, aurkitu diren lehenengo idatzizko agiriak, sagardoari lotutakoak XI. mendekoak dira. Geroago, XV. mendean Euskal Foruetan sagasti eta sagardoari buruzko legeak eta agiriak asko agertzen dira.

Auzolana, baserrien oinarri.

Ehun edo berrehun urte atzera eginez gero, baserriz jositako bizimodu, testuinguru batean kokatuko genuke sagardoa. Garai hartan sagardoa baserrietan egiten zen. Baserriak eta lurrak ematen zituen lanez gain, sagardoa egitea zen beste zereginetako bat. Etxerako egiten zuten sagardoa. Auzoan beti izaten zen dolarea eta matxaka zituen baserriren bat. Bertan jotzen zuten sagarra inguruko baserri guztietakoek. Hondarribiako Artzu baserrikoa da Gregorio Berrotaran. Berak gogoan du orain dela gutxi arte baserritarren artean egon den auzolanerako ohitura. "Auzokoek idiekin bultzatutako gurdian, garlean ekartzen zituzten sagarrak eta gure etxean jotzen zuten sagarra. Dolarea erabiltzeagatik ez zen ezer kobratzen. Ordainetan, baserriko lanetan, garotan edo belarretan, laguntzen ziguten. Garai hartan auzolanean egiten ziren lanak. Gaur egun, hau aldatu egin da: hitz guztiek prezio bat dute orain".

Urtean behin egiten zuten sagardoa. Auzo guztiak parte hartzen zuen. Lehenbizi sagarra jotzen zuten, pisoiarekin edota matxakan. Ondoren, dolarean ipintzen zituzten sagar puskak. Estutualdi ugari eman behar izaten zitzaizkion sagarrari zuku guztia ateratzeko. Lehenengo estutualditik ateratako muztioa sagardoa egiteko erabiltzen zuten, eta beraz, etxeko upelik hoberenean gordetzen zuten. Gainerako estutualdiak egin aurretik ura botatzen zen dolarera eta hortik ateratzen zen muztioa pitarra egiteko erabiltzen zen. Pitarra zen egunero edateko erabiltzen zuten edaria. Sagardoa egun berezietarako gordetzen zuten. Seme-alaba askoko familiak izaten ziren. Denak mahaian eseri eta txandaka joan behar izaten zuten seme-alabek sagardoa ekartzera, aitak hala aginduta.

Sagardo berria dastatzeko festa.

Sagardoa jotzeko eta estutzeko lan hau bukatutakoan sagardo berria egin zutela adierazteko festa egiten zuten. Herriko plazan edota baserriko atarian biltzen ziren auzokideak. Janaria ekartzen zuten eta muztio berria edaten zuten. Nafarroako Arizkun herrian, esate baterako, sagarra estutzeko erabilitako oholetako bat hartu eta bertan pisoiekin jotzen zuten, txandaka, sagar jotzea errepresentatu nahiz bezala. Honekin batera “Kirikoketa” izeneko kantua kantatzen zuten: "Kirikoketa, kirikoketa/ kirikoketa, koketa, koketa./ Sagarra jo dela,/ sagarra jo dela,/ sagarra jo dela,/ jo dela, jo dela".
Txalapartaren oinarria hemen egon daitekeela uste da. 1920. urterarte mantendu dute ohitura hau Arizkunen. Duela hiru urtetik hona ohitura hau berreskuratu egin dute, "Jo ala jo" izeneko kultur elkarteari esker.

Barrikotea.

Auzokoak bildu ohi ziren elkarrekin otordua egiteko. 100 litroko barrika koxkor bat hartzen zen barrikoterako eta hura hustu arte edaten zuten. "Ardi zaharren bat akatu eta lagunartean afaltzen zen. Bakailaoa tomatearekin, pipermin dexente botata eta sardina zaharrak. Horixe izaten zen menua. Ez zegoen besterik" dio Gregorio Berrotaran hondarribiarrak garai bateko kontuetan murgilduta. Irungo Usategieta baserrian ere egiten zuten sagardoa. Bertakoa da Joxe Tolosa eta berak ere ondo gogoan ditu barrikoteak. "Horixe izaten zen festa. Bakailaoa ona izaten zen, baina gatz asko izaten zuen. Sarritan jan ere ezin zen egin, zapore oso gogorra zeukalako. Janari mota honekin oso ondo sartzen zen sagardo bizia".

Sagardotegiak, ikuskizun handien gune.

Hirigunetik urrun zeuden baserriak, dolarea zutenak, erakargarri bihurtu ziren XIX. mendean. Aisialdirako eta festarako leku bihurtu ziren. Bizikletan, tranbian edota oinez etortzen zen jendea sagardotegira, egunpasa egitera. Sagardotegi zaharrak ezagutu dituzten pertsona nagusiek diotenez, batzuek egun bat baino gehiago ematen zuten sagardotegian. Gehiegi edan zutela eta, sagardotegian bertan lotan gelditutakoak baziren makina bat. Hurrengo egunean euren emazteak joaten omen ziren arropa garbiekin, haien senarrak arropaz alda zitezen.

Jan, edan eta jokoan aritu. Era guztietako jokoak eta apustuak egin ohi ziren garai haietan sagardotegietan. Bolatokia sagardotegi gehienek izaten zuten. Nork bolo gehiago bota, horixe zen boloetan aritzea. Tokan ere saio ugari egindako jendea izan da. Bertsotarako ere leku aproposak bilakatu ziren. Txirrita bertsolari ezagunak bertso ugari kantatu zituen sagardoaren inguruko giro honetan. Euskal Herrian hain sustraituta dagoen apustuak egiteko ohiturak ere izan zuen bere lekua.

Garai honetan ez zen kalkulagailurik, ezta boligraforik ere. Hala ere, sagardotegiko zerbitzariak kontuak ematen iaioak ziren. Upelean klarionarekin markatuz, apuntatuz joatea zen sistemarik praktikoena. Bakoitzak zenbat sagardo baso edan zuen hortxe ikus zitekeen.

Gizonezkoen dastalekua izan zen garai batean sagardotegia. 70eko hamarkadan, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun aldarrikapenek bultzatuta edo, emakumeak sagardotegietara sartzen hasi ziren lehenengo aldiz.

(Testua: ARGIA.com)


Sagardoa urratsez urrats

Bildu eta tolareraino

Sagardogintzan hiru faktorek dute eragina:

1.- Lehengaia:sagarra: sagar mota, bere heldutasuna, garraioa, eta abar.
2.- Bakterio flora: mota ezberdineko bakterioek muztioan eragindako aldaketen ondorioa da sagardoa. Batzuetan bakterio bat baino gehiago multzoan aritzen dira lanean; besteetan banaka, bakoitzak prozesuaren atal batean parte hartuaz.
3.- Sagarra prozesatzeko modua: garraiatzea, txikitzea, prentsaketa eta abar.

Naturak ematen duen fruitua edari alkoholdun bihurtzeko prozesuari esaten zaio sagardogintza. Orokorrean erabiltzen den sagarra zuhaitzetik heldu ondoren erori ahala jasotzen da, fruitua eskuz edo mekanikoki biltzen da. Hainbat lekutan berriz, arboletako sagarren erdiak beren kabuz erori direnean, zintzilikaturik dauden beste erdiak erauzi egiten dira, sagar guztiak pasa-aldi bakarrean biltzeko.

Sagarrondoetatik bizpahiru jasoaldia egitea komeni da, sagarrak puntu egokian biltzeko, aldi bakoitzean heldutako sagarrak soilik jasoz. Hau ezinezkoa da bilketa modu mekanikoz eginez gero, sagar guztiak beren puntuan jasotzea garestiegia litzatekeelako.

Sagarra biltzerakoan kontu handia eduki behar da azala zulatu eta hondatu ez dadin, zauri hauek gaitz eta arazo iturri izan daitezkeelako. Honen inguruan aipatu behar da horretan erabiltzen diren kizkiek duten arriskua: sagarrari zulo txikiak egiten dizkiote eta zulodun sagarrak denbora luzea ematen badu biltegian gaixotu egin daiteke.

Garraiatzea, hustuketa eta biltegiratzea
Sagarra garraiatzerakoan eta biltegiratzerakoan, ahaleginak egin beharko ditugu airerik gabeko baldintzak ez sortzeko, ernamuinen lana zailtzeko. Kontutan hartu behar dira aireztatzea, tenperatura egokia, eguzkiaren argia eta euria. Azken honek sagarra garbitzen lagunduko du.

Ingalaterran eginiko saio batean gramo bat sagarrek daukan legami kopurua kalkulatu nahi izan zen, eta hona emaitzak:

(A) sagarra arbolatik jasota: 480 legami/g.
(B) sagarra lurretik jasota: 1.250 legami/g.
(A) sagarra zakutan bi aste igaro ondoren ingurugiroan: 10.700 legami/g.
(B) sagarra, zakutan bi aste igaro ondoren ingurugiroan: 116.000 legami/g.

Emaitzen arabera agerian dago sagarrari ematen zaion tratamenduaren garrantzia. Izan ere gaixotasun gehienak azalean sortzen diren legami mota eta kopuruak baldintzatzen baititu.

Sagarra garbitzea
Garbiketaren bidez sagarrak azalean garraiatzen dituen legami eta ernamuinak murrizten dira. Bildu ondoren sagarrari lur, hosto eta sagastiko zikinak kentzea komeni da. Lehen aipatu dugun Ingalaterrako ikerketarekin jarraituz:

(A) sagarrak hartu eta bi multzo egin ziren, lehen multzoa garbitu egin zuten.
Lehenengo multzo horretan 8 legami talde ezberdin aurkitu zituzten, sagar gramoko 100-200 legami .
Garbitu gabekoek 11 legami talde ezberdin zituzten, 7.000-1.400.000 legami sagar gramoko.

Bistan denez, sagarraren garbiketa ezinbesteko baldintza da sagardo on bat egiteko orduan.

Sagarra jotzea
Sagarra txikitu edo zatitu baino, lehertu egin behar da. Sagarra jotzearen sekretua mamiak dituen "gelatxo" txiki batzuek lehertzea da, sagarraren azala errespetatuaz; azalak iragazkiaren funtzioa egingo du prentsatzerakoan. Antzina, hotz handia eginez gero edota sagarra hotzegia bazegoen, sagarra jo aurretik berotu egiten zuten. Sagarra jo ondoren ateratzen diren zatiek patsa osatzen dute.

Ohizkoa den matxakak motor txiki bat du, hortz batzuei eragiten diena; sagarrak horien artetol pasatzen dira. Matxakak inbutu bat dauka gainean, sagarrak biltzen dituena lehertu aurretik. Tresna lau hankaren gainean dago eta jotako sagarra horien artetik erortzen da. Antzinako matxakak motorra eduki beharrean gurpil handi bat izaten zuten eta honi eskuz eragiten zitzaion, argazkian ageri den moduan.

Prentsaketa
Estutu aurretik patsa denboralditxo batez beratzen utzi ohi da bigundu eta herdoildu dadin. Beratzen igaroko duen denbora tenperaturaren araberakoa izango da: bero bada edo hego-haizea egiten badu, 5 edo 10 ordu nahikoa izango dira, eta hotz egiten duenean berriz 15 edo 20 ordu beharko ditu.
Sagarrak dituen substantzia pektikoen eraginez biguntzen da sagarra. Gai peptido hauek hiru motatakok izan daiteke:

- Protopektina: ez da muztioan disolbatzen.
- Pektina: aurrekoak degradatzean sortzen da eta erdizka disolbatzen da.
- Azido pektikoa: pektinatik sortzen da eta guztiz disolbatzen da.
Hiru egoera ezberdinetan aurkitzen den substantzia hau da sagarrari gogortasuna eta sendotasuna ematen diona. Honi esker gertatzen da ere patsaren biguntzea eta muztioaren askatzea.

Mota ezberdinetako prentsak
Bi motatako prentsak erabiltzen dira, ore handikoak eta ore txikikoak.
Antzinako prentsak ore handikoak ziren. Egun erabiltzen direnak horien tankerakoak dira baina patsa motor neumatiko bidez estutzen dute, ez lehen bezala eskuz. Ore handiko prentsak zurezkoak ziren lehen eta gaur egun porlanezkoak dira.

Prentsa, kaxa karratu baten antzerakoa da eta erdian ardatz torlojudun bat du tente. Honek txapel antzeko tramankulu bati eusten dio; txapel horiek kaxarekin bat egiten du. Torlojuaren bidez txapela jasotakoan patsa sartu edo atera egiten da, eta jaitsitakoan patsa estutu. Mugimendu hori gaur egun modu mekanikoz egiten da. Patsa estutzerakoan, kaxa horrek dituen zirrikituetatik muztioa kanporantz irteten da, eta hortik kupelera doa.

Ore txikoko prentsa mahatsa estutzeko erabiltzen den prentsaren tankerakoa da: borobila da, erdian ardatz torlojodun bat du eta azpian zukua jasotzen duen ontzia. Une honetan beste motatako prentsak ere agertzen hasi dira, neumatikoak adibidez, nahiz eta oraindik ez dauden oso zabaldurik Gipuzkoan.

Patsa behin baino gehiagotan zapaldu beharko da, zuku guztia aska dezan. Prentsaldi bakoitzeko patsa moztu egin beharko da, kanpora irteteko biderik aurkitu ez duen patsa irten dadin, endai baten bidez patsari bira ematen zaio eta hurrengo prentsaldian zukua kanpora irtengo da. Sare bat jartzen da iragazki edo filtro gisa lan egin dezan, horrela, muztioa errazago irtengo da kanpora. Prentsa honetan, eskua edo motor txiki bat erabil daiteke. Patsa ondo estutzeko hainbat prentsaldi egin beharko dira, horretarako patsa atera eta sartu egin behar da prentsaldi bakoitzeko, eta lan nahiko neketsua da.

Patsa beratua patsa patsa lehor bihurtzeko prozesuan %60-tik %70 zuku lortzen zen lehengo prentsa zaharrak erabiliz. Gaur egun, motor eta beste laguntza mekanikoekin, %75 edo %80 muztio lortzen da. Ondorioz, patsa lehorrago geratzen da.

Muztioa
Sagar motaren arabera muztioaren osagaiak gutxi gorabehera honako hauek izango dira:

OSAGAIAK

%

Ura

75-90

Azidoak

0,1-1

Azukreak

9-18

Substantzia pektikoak

0,05-2

Taninoak

0,02-0,6

Gainera, proportzio txikitan: proteinak, bitaminak, gatz mineralak, entzimak, substantzia nitrogenatuak, e.a.

Ura da muztioaren osagai nagusiena

Azidoak: muztioaren gazitasuna gehien bat azido karboxilikoz osaturik dago, hau da, azido malikoz eta azido zitrikoz. Gazitasunik gabeko sagardoa motela izaten da.

Taninoak: tanino kantitateak gora behera handiak izaten ditu sagar mota batetik bestera baita urte batetik bestera ere. Taninoak ematen dio sagardoari gaur hainbeste aipatzen den garraztasuna.

Substantzia pektikoak: sagar helduetan gai hau disolbagarri izaten da, egin gabekoetan berriz, disolbaezina.

Azukrea: azukrea izango da eta sagardoari graduak emango dizkiona, mota askotako azukreak daude: lebulosa, glukosa, sakarosa, e.a.

Substantzia nitrogenatuak: gehienetan albumina moduan agertzen dira, eta beren eginkizuna handia ez bada ere badute garrantzia. Legamien janaritarako izaten dira; honegatik, irakinaldia sorrarazteko beharrezkoak dira. Sagarretan agertzen den nitrogenoa, kasu gehienetan, sagarrondoari botatako ongarrietatik datorkio.

Sagarraren mikrobioak: muztioan hainbat ernamuin topa ditzakegu, zelula bakarreko onddoak eta bakterio azidofiloak. Onddoen artean legamiak eta lizunak bereizi ditzakegu. Mikroorganismo hauen portaera aldakorra da zenbait egoerak baldintzatzen du: muztioaren osagaiak, daukan oxigenoa, tenperatura, pH-a, kupeleko ernamuinak, presioa, argia...

Muztioaren azukre kontzentrazioa % 0,2 eta %1,5 artekoa bada, oso egokia da bakterio laktikoak ugaritzeko. Legamiek berriz eragina izateko behar duen azukre kantitatea % 15 eta % 20 tartekoa da. Azukrea %35 baino gehiagokoa bada, legamiarentzat guztiz kaltegarria suertatzen da.

Mikroorganismo hauek sortzen dituzten hondakinak -alkohola- kaltegarria suertatzen da beraientzako. Zenbat eta alkohol kontzentrazio handiagoa izan, orduan eta geldoagoa izaten da legamiaren eragina. Kasu askotan graduazioa % 4 iristen denean mantsotu egiten da beren aktibitatea; ordurako oxigenoa desagertu da eta bere ordez anhidrido karbonikoa agertzen da.

Tenperatura zenbat eta txikiagoa izan orduan eta ernamuin aktibitate txikiagoa izango da, eta alderantziz. Ernamuinentzako tenperatura egokiena 30º ingurukoa da; 35ºtik gora nekez egiten dute lan eta 40ºtan erabat gelditzen dira. 10ºCtik behera ere bai.

Legamiak, lehen irakinaldi alkoholikoa
Muztioak daraman oxigenoa galdu ahala, bi prozesu ezberdin gertatzen dira:

1.- Baldintza aerobikoetan (oxigeno asko) dagoen oxigenoak
azukrearekin erreakzioa egiten du eta legami herdoiltzaileak ari dira lanean :

C6-H12-O6 + 6O2 à 6H2O + 6CO2 + 673 kaloriak.
Azukrea + oxigenoa + ura + gas karboniko + beroa

Ikusten denez, azukrea eta oxigenoa ura eta gas karboniko bihurtzen dira.

2.- Baldintza anaerobikoetan (oxigenorik gabe, edota gutxirekin): muztioak
dakarren oxigenoa bukatu egin da, beraz ezin du azukrearekin erreakzionatu, eta une honetan legami irakintzaileak dira lanean ari direnak.

C6-H12-O6 à 2CH3-CH2OH + 2CO2 + 33 kaloriak
Azukrea + etanola (alkohola) + gas karbonikoa + beroa

Kasu honetan berotasunak eta azido karboniko produkzioak behera egiten dute eta hala ere alkohola sortzen da.

Oxigenorik gabeko baldintzetan parte hartzen duten legami irakintzaile hauen lana alkoholaren kontzentrazioa % 6,5-etara iristen denean amaitzen da ezin baitute halako alkohol neurria jasan. Legamiek bakterioen aurrean etsi egiten dute azken hauek egoera berrira hobeto egokitzen dira eta. Bakterioak arduratuko dira legamiak utzitako azukre hondarrak amaitzeaz.

Bakterioak: hartzidura malolaktikoa
Legamia baino zelula txikiagoak dira bakterioak. Muztioaren gazitasuna dela eta
bakterio azidofiloak baino ez dira ugaltzen. Hauek izan daitezke: bakterio laktikoak eta bakterio azetikoak.

Bakterio laktikoek muztioan dagoen azukrea eta azido malikoa, azido laktiko bihurtzen dute. Hauek ere bi talde nagusitan banatzen dira: kokoak eta baziloak.

Azukrearen hartziduran halako prozesua gertatzen da (bakterio homoirakintzaileek egiten dute lana): C6-H12-O6 + 2(CH3-CHOH-COOH); hau da: Glukosa (azukrea) + azido laktikoa

Azido malikoaren hartziduran berriz, honako prozesu hau gertatzen da (baketrio heteroirakintzaileen eraginez) :
COOH-COOH-CH2-COOH + CH3-CHOH-COOH + CO2
Azido malikoa + azido laktikoa + gas karbonikoa.

Bakterio laktikoek eragiten duten hartzidura kontrakoa izan liteke muztioaren garraztasuna txikia bada. Prozesu honek hain bereizgarria den zapore 'laktikoa' emango dio sagardoari.

Muztioaren pH-ak ere garrantzi handia du irakinaldietan: 3,8-tik gorakoa bada, lehenengo irakinaldian emaitzak kaskarrak izango dira, legami herdoiltzaileak neurriz kanpo banatuko direlako eta bigarren irakinaldian lan egiten duten bakterioak ez direlako izango egokienak.

Irakinaldien beste eragileak
- Tenperatura: garrantzi handia du muztioaren irakinaldietan. Lehen irakinaldian legamiak ez du lanik egiten 3ºC gradu azpitik eta 6-7ºC gradu bitartean osoa motela da. Tenperaturaren gora-beherak oso kaltegarriak dira irakinaldientzako, geldoagotzen dutelako. Orokorrean tenperatura egokiena 30ºC-koa bada ere legamien arteko konpetentziarik egon ez dadin, hobe da 12-18ºC harteko tenperatura mantentzea.

- Beste ernamuinekiko lehia: lanerako erabili behar ditugun materialen garbitasuna eta sagarrak izan ditzakeen zauri eta kolpeekekin kontu edukitzea oso garrantzitsua da legami basatien hedapena saihesteko.

Sagardo bihurtu da
Muztioaren irakinaldien ondoren sortzen dena sagardoa da: berez horia, hori-orlegia edo hori-gorria. Uraren antzeko dentsitatea du, txinpartaduna da eta bere % 6-an alkohola da.

Irakinaldietan jazotzen diren aldaketak

MUZTIOAREN KONPOSAKETA

IRAKINALDIETAN BIHURTZEN DIRA
Ura (1) Ura
Azukreak (2)- CO2
- Alkohol etilikoak, metilikoa, glizerina eta fusel-olioak.
- Azido laktikoa, azetikoa, sukinikoa eta abar; aldehidoak, eterrak, esterrak e.a..
Azido malikoa(3) - Azido laktikoa, azetikoa, CO2 eta abar.
Etanoak (4) - Beste substantzia pektikoak, alkohol metilikoa, pentosak e.a.
Substantzia nitrogenatuak (5) Bestelako substantzia nitrogenatuak.

(1) Ura : ez du aldaketarik.
(2)
Azukreak: legamiaren eraginez, azukrea CO2 eta alkohol etiliko bihurtzen da; alkohol metiliko pixka bat ere sortzen da. Metilikoa arriskutsua izan liteke sagardoa gero distilatu ezkero, bere kontzentrazioa handitu egiten delako.
(3)
Azido malikoa: prozesu hau lehen azaldua dugu.
(4) Tanoak: biologikoki oso egonkorrak badira ere, bakterio laktikoen poderioz, azido klorogeniko, kiniko eta shikiniko bihur daitezke, baita azido azetiko eta CO2 ere.
(5) Substantzia nitrogenatuak: gehienetan legami eta bakterioek nitrogenoa desagertarazi egiten dute. Dena den, muztioak gehiegizko nitrogenoa badu, sintetizatu gabe iritsiko da sagardora eta zapore ezberdina agerraraziko dio.

Nola zaindu heldutako sagardoa
Muztioaren hartzidura bukatzen den unetik, sagardoa botilan sartzen den garaia arte, sagardoak heldu egin behar du. Nahiz eta prozesu nagusienak honezkero bukaturik egon, ondo borobiltzeko eta heltzeko oraindik beste hainbat prozesu txiki izango ditu sagardoak. Berez sagardoa elementu bizia izanik, bere baitan oraindik ernamuinek lanean jardungo dute gelditzen diren elikagai apurren bila. Horien bizi baldintzak aldatzen baditugu -hau da, tenperatura edo presioa, adibidez- beste motatako erreakzio biokimikoei ekin diezaiekete, eterrak eta esterrak sortuz, lehen aipaturiko balditzen arabera.

Sagardoa ondo borobiltzeko aholkuak
- Ontzi aldaketa: sagardoa kupel batetik bestera eramateari esaten zaio; horrela sagardoak dituen hondarrak eta nahasteak lehenengo kupelean gelditzen dira. Komenigarria da ahalik eta tenperatura hotzenean egitea, ahalik eta azido karboniko gutxien galtzeko. Oraingoz egia esan, Euskal Herriko sagardogileek ez dute halako teknika berezirik erabiltzen, Asturiasen aldiz bai.

- Tenperatura: oso garrantzitsua da, behin hartzidura bukatuz gero, sagardoaren tenperatura jaisten badugu, barruan dauden bakterio eta legamien lan prozesua moteldu edo gelditu egingo dugu, sagardoaren bizi luzatu eta gaixotasunetik urrunduz . Kupela herdoilgaitza bada, bere inguruan halako gerriko bat jartzen zaio, kupelaren azalari hotz emango diona, barrukoa hoztuaz. Egurrezkoa bada bestalde, tutu bihurri bat sartzen da goiko zulotik, sagardoa hotz atxiki dezan.

- Airerik gabeko giroa: kupela hustu ahala, sorturiko hutsunea argoi, nitrogeno edo gas karbonikoz betetzen da: horrela aireak ezin du barrenera pasa eta sagardoa ez da herdoilduko. Hau herdoilgaitzak diren kupeletan soilik egin liteke.

Sagardoaren hobekuntzak, eransgarriak
Legeztatuta dauden gehigarriak honako hauek dira:

- Anhidrido sulfurosoa. Eragin bikoitza du sagardoan: alde batetik, antiseptikoa da, entzima eta onddoen aktibitatea geldi arazi egiten baitu; bestalde herdoilezina bihurtzen du sagardoa, kontserbagarri modura lan egiten duelarik. Sulfurosoak azetaldehidoekin erreakzionatu egiten du sagardoaren zaporea hobetuaz. Dena den, kontu handiz erantsi behar zaio: gehiegizko dosia nahasten bazaio sufrea sorrarazten duen prozesu kimikoak eragin ditzakeelako, eta zapore eta usain txar berezi bat emango dio sagardoari.

- Azido askorbiko edo C bitamina: nahiz eta 'C' bitamina berez sagarrean agertu, muztioaren herdoiltzea dela eta desagertu edo beste osagaietan bihurtzen da. Eragin positiboa du sagardoan herdoiltzearen arazoak (usaina desagertzea e.a.) ezabatzen dituelako.

- Azido sorbikoa: antimikotikoa da sagardoarentzat; hau da, legamien aktibitatea geldi arazi egiten du, nahiz eta bakterioen aktibitatea oztopatu ez.
Sulfurosoaren lagungarri bezala erabil ohi da. Ez da oso disolbagarria. Beraz, sorbato potasiko moduan erabiltzen da.

Kupelen garbiketa
Sagardoa egiterakoan erabiliko ditugun kupelen garbiketa egokia ezinbestekoa da, muztioa kutsatu ez dadin. Altzairu herdoilgaitzezko kupelak erabiltzen baditugu, ez dugu garbiketa berezirik egin beharko, edozein garbigarri nahikoa da. Egurrezko kupeletan berriz arreta berezi bat izan beharko dugu:

- Kupel berria: egurrak erretxina eta polifenol gehiegi ditu eta osagai hauek zapore txarra ematen diote sagardoari. Bi osagai hauek gutxitzen dituzten produktu bereziak badaude.
- Kupel zaharra: Kupela zaharra denean egokia izaten da metabisulfito potasikoa duen urez betetzea (ura ustel ez dadin), honela egurra puztu dadin. Urez bete baino lehen eta garbiketa osoa izan dadin, kupelaren barrualdea karrakatu beharra dago.
- Gaixotutako sagardoa eduki duen kupela: hurrengo urtean ez badugu nahi antzeko emaitzarik izan, kupelak dauzken legamiak desagertarazi beharko ditugu. Horretarako kupela ondo baino hobeto garbitu beharko dugu. Orain dela gutxi arte sosa-kaustikoa erabiltzen zen, urari %2-an nahasturik, gero ondo garbitu eta ur sulfitatua erabiltzen zen ondo desinfektatzeko.
- Onddoak dituen kupela: onddoek usain txarra ematen diote sagardoari, beraz lehen bait lehen desagertarazi egin behar dira. Horretarako onddoak dituen zonalde horri erretzen da, ondoren urratu eta azkenik ondo garbitu.
- Usain txarreko kupela: lehenik eta behin usain txar horren arrazoia zein den jakin behar da: aurreko hartzidura okerra izan delako edota onddoak daudelako Kasu bakoitzean dagozkion neurriak hartuko dira. Usain txarrak jarraitzen badu, produktu klorodunen bat erabiltzen da (lixiba adibidez), horrela askaturiko kloroak usain txarra baztertu egingo du, gero ondo ureztatu eta garbitu egin beharko da.

Kupelak ondo garbitu eta mehetu ondoren, ernamuinen sorrera ekiditzeko, atmosfera antzu bat sortu behar da. Horretarako sufrea (2 g./Hl.) erretzen da.
Prozesu guzti hau bi edo hiru hilabetera errepikatu beharra dago.
Antzina, garbiketa egin ondoren, kare bizia sartzen zen kupelean hau antzutzeko. Horretarako kareak zuzenean egurrarekin kontaktuan egon behar zuen, bestela ez zeukan eraginik.

Kupel motak
- Egurrezko kupelak: luzaroan erabili izan dira egurrezko kupelak, orain dela gutxira arte, ez bait zegoen besterik

Abantailak:
-Tradiziozko itxura
-Eroankortasun maila txikia du tenperaturari dagokionez. Hau da, egurrak ondo isolatzen du kupelean dagoena kanpoko tenperaturaz
-Egurraren porositateak arnasa hartzen uzten dio sagardoari.

Arazoak:
- Garbitasun osoa lortzea zaila da . Honek erabateko esterilizazioa lortzea oztopatzen du
-Egurrak zapore berezia ematen dio sagardoari, zenbat eta kupela berriagoa izan orduan eta zapore gehiago emango dio.
-Eguraldi epeletan egiten diren hartziduretan, tenperaturaren aldetik duen eroankortasun txikiak barruko muztioaren tenperaturak gehiegi igotzea eragiten du.
-Zainketa eta arreta handia eskatzen du.

- Altzairu herdoilgaitzeko kupelak: horrelako kupeletan bi motatako xaflak erabiltzen dira: Aisi-304 (%18 kromoa,% 8 nikela, gainontzekoa burdina) eta Aisi-316 (%18 kromoa, %8 nikela, %2 molibdenoa eta gainontzekoa burdina). Bi motetako xaflak homologaturik daude baina une honetan zalantzak daude Aisi-304-aren inguruan, beraz batez ere Aisi-136 erabiltzen da.

Abantailak:
- Garbiketa eta desinfekzio erraza.
- Transmisio termikoa oso ona da, xaflaren loditasunari esker.
- Espazioa oso ondo aprobetxatzen da.
- Egurrezkoa baino merkeagoa da.
- Ez da gehiegi zaindu behar.

Arazoak:
- Ez du tradizio itxurarik
- Eroankortasun ona dela eta, kupela dagoen gelako tenperaturarekiko oso sentibera da.
- Produktu klorodunak erabiltzen baditugu garbiketa egiteko, kontu handiarekin egin beharko dugu.

Botilaratzea
Sagardoak botilan bere berezitasunak ahalik eta denbora luzeenean manten ditzan ezinbestekoa da gai batzuk zaintzea:

- Ernamuinen presentzia ahal dugun neurrian mugatu egin behar dugu, botilan eta kupeletik botilarako bidean.
- Oxigenoaren herdoiltzeak erreakzioak sortarazten ditu. Beraz sagardoak harekin izango duen kontaktua mugatu egin behar dugu gure esku dagoen neurrian.
- Botilaratzeko orduan,astinduak ekidin behar ditugu, sagardoak duen gas karbonikoa galduko lukeelako. Garrantzitsua izaten da makinak sagardoa ez astintzeko sistemaren bat izatea, horrela aparra agertzea ere saihestuko genuke eta botilako goi aldean ez zaigu aire gehiegirik sortuko.
- Botilaratzea tenperatura hotzean egiten badugu hobe.
- Gaur egun moto-bonba sorta handia dugu merkatuan, baita behar ditugun baldintza guztiak betetzen dituzten botilaratze makinak ere.

Tapoia jartzea
Tapoia edo kortxoaren betebeharra botila barruko edukia kanpotik babestea da. Horretarako kortxoari erabateko iragazgaiztasuna edo hermetikotasuna eskatu behar zaio. Iragazgaitza ez bada kortxoaren kalitate txarragatik izan daiteke edota kortxoa jartzerakoan sortutako arazoengatik (birrindurak, zimurrak...).
Kortxoaren kontserbazioa oso garrantzitsua da, bertan onddoak egon daitezkeelako eta honek gero zapore berezia emango liokeelako sagardoari, kortxo zaporea.

Testuak: Jon Garmendiaren www.sagardoa.com